Duela hamar urte, Siria gerra betean hondoratutako herrialde bat zen. Ia bi urte igaroak ziren gatazka piztu zenetik, eta giza krisi larria pairatzen ari zen eskualde anitzetan. Idlib probintzia eta Alepo —herrialdearen ipar-mendebaldean— gobernuaren eta hainbat talde islamistaren arteko borroka leku ziren, eta ekialderago piztu berria zen muturreko islamisten eta milizia kurduen arteko gerra. Nazioarteko gatazka handiena bilakatua zen, baina sufrimendua areagotu baino ez zen eginen, eta 2015eko errefuxiatuen krisiarekin goia jo zuen, nahiz eta gogor segitu zuen hortik aitzinera ere.
Herenegungo lurrikara gogorren pairatu duten eremuetako batzuk izan dira mende honetako gerra handienetako bat jasan dutenak; eta horiek bezain gogor pairatu duten bertze eremu batzuk, berriz, gatazka horretatik ihes egin zutenen babesleku hurbilena. Gerraren hondamendia hondamendi naturalarekiko errealitate banaezina bihurtu da, laguntza eta baliabideak ez baitira modu berean ailegatuko toki guzietara.
Gatazkak hiru administraziotan —gutxienez— banatuta utzi du herrialdea, eta horrek eragin zuzena izanen du krisi naturalaren ondorioetan. Eta ez du ematen nazioartean 2015eko krisi humanoari erantzuteko baino aldartea hobea dagoenik gaur egun.
HIZPIDEAK
Gerra eta hondamendi naturala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu