Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Genozidio politikoa

2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Erika Antequerari gustatuko litzaioke bere amak IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren ebazpenaren berri edukitzea, senarra eta Union Patrioticakogainerako ordezkariak nola torturatzen, hiltzen eta desagerrarazten zituzten sufritu baitzuen, baina beranduegi iritsi da erabakia. Hala ere, pozik dago alaba, justizia egin delako azkenean; IACHRk Kolonbiako Estatua egin duelako 6.000 kolonbiar baino gehiagoren kontrako sarraskiaren erantzule.

1984ko Bake Akordioari esker sortu zen UP alderdia, eta 1986ko bozetan hirugarren indar bilakatu zen. Hain justu, indar gehien lortu zuten lekuetan izan zen bereziki gogorra jazarpena, 1990eko hamarkadaren amaierara arte. Alvaro Uriberen gobernuak (2002-2010) ukatu egin zuen genozidioa. Juan Manuel Santosenak (2010-2018) onartu zuen lehen aldiz estatuaren esku hartzea, 2016an, baina hortxe geratu zen dena, orain IACHRren erabakia iritsi den arte.

Epaia garrantzitsua da genozidio politikoa egon zela onartzen duelako herrialde ustez demokratiko batean, eta estatua behartuta egongo da alderdiaren estigmatizazioa apurtzeko balioko duen dokumental bat egitera, bi urteko epean ikerketa egin eta kalte ordainak emateaz gainera. Abisu bat izan beharko luke ideia politikoengatik jazartzeko tentazioa duten gobernuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.