mikel p ansa
HIZPIDEAK

Gaztelera inposatzearen alde

2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Adibide bat: bozgorailutik zein hizkuntzatako mezua jarriko dute aurrena? Euskarazkoa, ala gaztelerazkoa? Bat ez bada, besteak izan beharko du. Ez dago hor aukera handirik. Beti dago lehentasuna duen bat. Aho batean ez dira bi mihi sartzen; euskaraz ari zara, ala gaztelaniaz, ezin da bietan batera aritu, eta ezin dira erakunde publikoetako eraikinetako bozgorailuetan bi hizkuntzak batera jarri —jarri, jar litezke, eta agian jarri behar lirateke, euskara eta gaztelania batera, hartara ez litzatekeelako hizkuntzarik gutxietsiko: biak batera, ele bitan, kito—. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak garbi esan du: euskarari lehentasuna emateko udal legeak ematen zituen aukera guztiak inposizio bat dira. Eta udal legea auzitara eraman duen Espainiako alderdiak, Voxek, errematatu egin du jokaldia, epaileak esan gabe esandakoa erantsita: «Hau ez da euskararen aurkako eraso bat, eta epaileek ez dute euskararen kontra ebazten. Auzitan dagoena hizkuntzaren inposizioa da, hizkuntza ofizial bat bestearen gainetik jartzea». Bozgorailuan aurrena euskarazko mezua eta gero gaztelaniazkoa ematea «inposizioa» bada, alderantziz ere hala izan behar du, ez dago beste interpretaziorik. Eta horrela ikusten da garbi zein den auzia: gaztelera inposatu liteke, eta euskara ez. Azaroaren 4ko manifestaziorako argudioak falta baziren, horra beste bat, botila gainezkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.