Asaldatu dira PSE-EE eta EAJ Galdakaoko Udalak eskatuta Aranzadi zientzia elkarteakindarkeriaren biktimak zerrendatzeko egindako lan historikoarekin. «Iraina eta umiliazioa» ekarri dizkie ETAren biktimei lan horrek, PSE-EEren ustez, zenbait preso zerrenda horretan ageri direlako. Ez dute entzun nahi izan Aranzadik emandako azalpena, hau da, bi zerrenda daudela, eta ongi bereizita daudela giza eskubideen urraketak jasandakoak eta espetxe politika eta salbuespenezko legeak pairatutakoak.
Pentsa liteke maiatzean izango diren hauteskundeen giroan norbaitek propio astindu nahi izan duela folletoi hau. Zaila da pentsatzea kasualitatez sortu dela ika-mika hau Galdakaon, baina demagun hala dela eta biktimen duintasunarekiko sentsibilitate handiak eragin duela PSE-EEren erreakzioa.
Bada, hala balitz, eskertuko litzateke erreakzio bera izatea giza eskubideen urraketarik larriena jasan duen Mikel Zabalzaren kasuan ere. PSOEren ministerio baten esku dagoen Guardia Zibilaren barne egituretan gora igo baitute Arturo Espejo Valero, zeinak zuzenki esku hartu baitzuen Zabalza hil zen operazioan. Hark zabaldu zuen, hain zuzen ere, Zabalza ihes egiten saiatu zela eta hala ito zela zioen bertsio ofizial faltsua. Pentsa dezala PSE-EEk ea Galdakaon senti daitekeen umiliazio bera ez al den sentitzen Orbaizetan.
HIZPIDEAK
Galdakaotik Orbaizetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu