Zientziak aterako du gizateria sartuta dagoen ataka estutik. Hori da, funtsean, teknobaikorrek saldu ohi duten mezua. Hots, klima larrialdia edo biodibertsitate galera ez direla amaituko hondamendi handi batekin. Ekarriko duela teknologiak mundua labirintotik ateraraziko duen irtenbideren bat.
Errusiak Ukraina inbaditu zuen urtea izateagatik gogoratuko da 2022a. Baina baita energiaren krisi handi baten mugarria izateagatik ere. Halaber, oroituko da klima krisiaren zantzuak gero eta agerikoagoak direlako, eta frogak mundu osoan gertatzen ari direlako.
Testuinguru horretan heldu da AEBetatik iragarpen hau: lehen aldiz lortu dute fusio nuklear batean energia gehiago sortzea gastatutakoa baino. Diotenez, inoiz ez bezalako urrats bat da «energia iturri garbi, merke eta agorrezina» lortzeko bidean.
Baliteke hala izatea, eta baliteke 2022a esperimentu horregatik ere gogoratzea zientziaren historian. Baina, fusio nuklearra merkaturatzeko moduko teknologia bat lortuko balute ere—horretarako asko falta da—, ez litzateke ahaztu behar klima krisia ez dela gizakiak eragindako larrialdi ekologiko bakarra; eta naturarekiko harremana aldatu ezean nekez eragotziko direla antzeko krisi ekologiko larriak.
HIZPIDEAK
Fusio nuklearra: ametsa edo ameskeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu