Fagor Etxetresnak, Euskal Herriko ekonomiaren —ez bakarrik kooperatibismoaren— ikurra, bihotza, mitoa ia, erortzear da. Krisiari aurre egin ezinda, konkurtso legera jo du, eta oso zaila du jarduerari eta enpleguen erdiei eusteko dirua lortzea. Langileak etxera bidali ditu —5.600, ia 1.700 Euskal Herrian—, eta bazkideak kooperatibisten langabezia kobratzen hasiko dira.
Krisiak dogma eta uste asko hautsi ditu. Baita kooperatibei buruzkoak ere; egoerarik gordinenean ere, elkartasunari esker, kooperatibei eta enpleguari eutsi ahal diotela dioena, besteak beste. Urte askotan hala erakutsi dute, haien izaerak eta elkartasunak krisiaren ondorioak arindu baititu. Neurri bateraino. Mondragon taldeko kooperatibek 70 milioi euro jarri zituzten maiatzean Fagor Etxetresnen esku. Orain uko egin diote bigarren erreskatea emateari, taldearen beraren etorkizuna kolokan ez jartzeko. Fagorrek Too big to fail (erortzen uzteko handiegia) zirudien duela urte batzuk. Krisiak erakutsi du ezetz. Hilotz handiena litzateke krisiaren Euskal Herriko hilerrian.
Hizpideak
Fagor, mitoa erortzear
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu