jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Ezkutuan

2017ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Melillan hasi zen, ezkutuan, 1936ko gerra eta errepresioa abiatu zituen estatu kolpea, eta Melillara ezkutuan eraman dituzte Jose Sanjurjo kolpista iruindarraren gorpuzkiak. Memoria historikoaren legea betetzeko atera zituen Iruñeko Udalak Erorien Monumentuko kriptatik, eta, hilabete gutxi batzuk geroago, memoria kontuetan ezohikoa duen azkartasunarekin, Espainiak aurre egin dio desafio horri, eta, legea mespretxatuz, armadaren panteoi batean lurperatu ditu, Defentsa Ministerioaren zenbait goi kargudunen aurrean.

Nafarroan ehunka gorpu geratzen dira hobietan, Sanjurjoren sokakoek hilak. Horiek bai ezkutuan, lekuko baitira. Horientzat, ordea, Espainiak ez du panteoirik eta aitortzarik. Sanjurjoren familiak egin nahi ez duena egin nahiko lukete beste horienek: gorpuzkiak jaso eta familia artean ehorztea. Baina iraganeko hautsak harrotzea da hori.

Aitortza bat da Melillako ehorzketa, eta horregatik egin dute ezkutuan. Kolpistaren meritu militarrak argudiatu dituzte, baina, demerituak ezkutatuz —bi estatu kolpetan parte hartu zuen—, agerian utzi dute Sanjurjo zuritzeko ahalegina. Badakite legearen eta memoriaren kontra ari direla, baina badakite Espainiako zenbait sektoretan kolpista izatea bekatu txiki bat dela, ezer izatekotan.

Sanjurjoren kasuan, haren ibilbide militarra ezin da bereizi 1936ko estatu kolpetik, Melillan hasi eta hiru egunera hegazkin istripuz hil bazen ere. Eta estatu kolpea ezin da bereizi kolpistaren figuratik horri aitortza bat egiten zaionean. Ezta ezkutuan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.