Hezkuntza da mundua eraldatzeko modurik eraginkorrena, onerako eta txarrerako, eta hori oso ongi daki Opus Deik. Gizartean eragiteko beharrez, bere kideak formatu ditu, hamarkadaz hamarkada, maila politikoan, ekonomikoan eta judizialean eragiteko, eta bikaintasunez lortu du ideologiatik ez omen duen ideologiarik indartsuena ezartzen: ikuspegi tradizional katolikoa neoliberalismoarekin uztartuta. Jainkoaren teknokrazia.
Dirua jainkotasunez lortu dute, aspaldian ohartu baitziren merkatuak autoritarismoa eta diziplina behar dituela, produktibitatea eta lehiakortasuna ziurtatzeko. Eta horretarako zer hobeto katolizismoak ematen dituen lezioak baino: obedientzia, hierarkia soziala eta familia tradizionalaren inposaketa, bizitzeko modu bakar bat; gehiegi nabarmendu gabe beti, formarik formalenean.
Frankismoak Opus Deiren gidaritzapean egin zuen bere erreforma nagusietakoa: eredu autarkiko batetik liberal teknokrata bateranzkoa, eta kontserbadoreenen aupatzaile bikaina izan da harrezkero, gobernuetara egokituz, eskua sartuz eta jarriz, etekin paregabeak lortzeko, doktrinaren bidez, bizitzeko modu bat praktikatuz eta praktikaraziz.
Aitortu behar zaie mundua nahierara moldatzeko abilezia; diskrezioz, baina azeri, harrapakari, Jainkoaren eskutik.
HIZPIDEAK
Ezkutuan, azeri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu