Deigarria da abuztuaren lehen hamabostaldian Bilduren inguruan zenbat adierazpen egin dituzten politikariek eta hedabideetan zenbat titulutan agertu den Bilduren izena. «Euskadiren eta Espainiaren politikagintzaren erdigunean» jarri dute, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan. Jokabide hori azaltzeko, Patxi Lopezek berak bi justifikazio eman ditu. Batetik,«egin beharrekoa ez egiteagatik» eman omen diote Bilduri zentralitate hori. Baina badago beste azalpen bat: «Udal eta foru hauteskundeen aurretik denok lagundu genuen ezker abertzaleri munduko kanpainarik handiena egiten: alderdiak, hedabideak... Orain ez dugu akats berbera egin behar». Beraz, azalpen horren arabera, Bildu kritikatzen badute, haren hauteskunde emaitzak berriro errepikatzearen beldur direlako kritikatzen dute.
Horrez gain, badago beste azalpen posible bat, datozen hauteskundeekin lotuta hori ere: PPk PSOEri aurre egiteko kanpainarako ildoetako bat izatea aukeratu izana. Hortik datoz Bildu inpugnatzearen alde Cospedalek eta PPko beste buruzagi batzuek egindako adierazpenak. Baita PSOEren erantzuna ere (Blancoren abisuak). PPri, gainera, ez zaio axola kontraesanetan murgiltzea, Gasteizko festen hasieran egin zuen bezala (Maroto alkateak eskua eman zion Donostiako alkateari, eta Basagoiti buruzagiak ukatu).
Mahai gainean dagoen proposamenaren arabera, Bildu koalizioa Espainiako hauteskundeetarako plataforma izango ez bada ere, ekimenaren sustatzaileek kontuan hartu beharko dituzte Bildurekiko nolabaiteko ezinikusiaren ondorioak.
Hizpideak
Ezinikusiaren gakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu