Jo eta ke dabiltza hedabideak, soziologoak, iruzkingileak, politikariak, era guztietako aditu eta jakintsuak... Zer ari ote da gertatzen Ingalaterrako hirietan? Zein dira errebolten arrazoiak? Nondik dator horrelako herra, horrelako txikiziorako zaletasuna? «Ideologiarik gabeko gazteak» ari omen dira lapurretan eta suntsiketan, non eta zer bereizi gabe. Hala dioskute.Ideologiarik gabeko ekintza balitz bezala Poliziak auzo pobre bateko gazte beltz bat hiltzea. Baina benetan kezkatzen dituen galdera hauxe da: zerikusia ote dute krisiaren ondorioz indarrean jarri diren murrizketek?
Londresen dagoen arraza, klase sozial, kultur eta mundu ikuskera askotarikoak kontuan hartuta, zaila da arrazoi borobilak aurkitzea. Erreboltan dabiltzanak «gaizkile hutsak» direla dio David Cameron lehen ministroak. Akaso, Polizia gehiago bidaliz amatatuko dute piztutako sua. Gaurko asea, biharko gosea.
Baina gauza bat argi dago, eta horrexek kezkatzen ditu benetan analistak, ekonomialariak, soziologoak, hedabideak eta politikariak: orain arteko paradigma politiko-ekonomikoa —alegia, neoliberalismo kapitalistan oinarritutako mundua, Fukuyamak Historiaren bukaera deitu zion hura bera— balantzaka ari da, erortzear dagoen mozkorraren antzera. Badakigu zer esan nahi duen defizit publikoa murrizteak, zerbanketxeen erreskateak, zer herrialdeei agintzen dizkieten «etxeko lanek»... Klase sozial ertain zabalaren kontsumo gaitasuna bermatzen zuen mendebaldeko herrialdeen ongizate sistema hankaz gora doa. Londreskoak zerikusia izan edo ez, dagoeneko, ezer ez da berdin.
Hizpideak
Ezer ez da berdin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu