Emaitza ez da bera EPPK-ko presoen inguruan erabakiak Madrilen hartzen direnean edo hemen hartzen direnean. Argi dago: Jaurlaritzak espetxe eskumena lortu zuenetik, haren meneko espetxeetan dauden euskal preso gehiagok lortu dituzte hirugarren graduak; eta baimenak. Erabaki horiek atzera botatzen saiatzen dira, ordea, Madrilen. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak errekurtsoa jartzen die erabakiei, eta epaileek kasu batzuetan atzera botatzen dituzte gradu aldaketa horiek. Lege eta txosten berberen arabera hartzen dituzte erabakiak, baina desberdinak dira emaitzak. Ez baita gauza bera erabakia non hartzen den. Madrilen «lobby zabal bat» dagoela salatzen du Foro Sozialak.
Egoera ezberdina da Nafarroan, besteak beste espetxe eskumenik ez duelako hango gobernuak. Eta edukita ere, ikusi beharko litzateke noraino iristen den Madrilgo lobbyaren indarra.
Eskumen guztiak eskatzen ari da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Eta argi dago eskumenekin haiek gabe baino erabaki gehiago har daitezkeela. Baina, presoen auzian bezala, azken hitza Madrilek edukiko luke oraindik. Urkulluk EH Bilduri eskainitako herri akordioek ez dute autogobernuaren gaia ukitu oraingoz, baina, benetan herri akordio izan nahi badute, izenaren jabe egin eta ukitu egin beharko dute.
HIZPIDEAK
Ez baita gauza bera non
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu