Ez duela atzerako urratsik txikiena ere egingo herritarrek instituzioetan harrera euskaraz jasotzeko duten eskubidearen defentsan. Horixe esan dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileari Eusko Legebiltzarrean. Hark, baina, ez dio eskatu atzera ez egiteko; auzitegien oldarraldia ikusita, aurrera egiteko demanda egin dio, «herri akordio» bat eskatuz. Eta ez, hori ere ez du egingo. Ez du esan behintzat egingo duenik: «Urteetan zehar lan eskerga egin da euskararen gainean herri akordio zabal bat lortu eta mantentzeko». Baina, hain justu, akordio eta adostasun horiek epai horien ondorioz arriskuan daudela ohartarazi zuen joan den astean Kontseiluak. Hala esan zuen Idurre Eskisabel idazkari nagusiak: «[Epai horiek] auzitan jartzen dituzte euskara normalizatzeko eta biziberritzeko araugintza eta horren inguruan gizarteak lortutako adostasuna».
Hori bakarrik ez, Irunen (Gipuzkoa), Barakaldon (Bizkaia), Gasteizen eta Laudion (Araba) judizializatu diren auziak tokiko erakundeen esparrura mugatzen direla esan du lehendakariak, eta ez dutela zalantzan jarri hizkuntza normalizazioaren prozesua. Jendea bizi den tokira iristen ez den normalizazioak zer normalizatzen du, baina?
Atzera goaz aurrera ez bagoaz.
HIZPIDEAK
Ez atzera, ez aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu