Maravillasen ahizpa moduan ezagutzen zuten askok, baina hori baino askoz gehiago izan zen. Josefina Lambertok bizitza osoa eman zuen ahizpari eta Vicente aitari 1936ko gerran gertatutakoa kontatzen, zabaltzen, justizia eskatzen, haien gorpuak berreskuratzeko borrokatzen. «Ez ahaztu», hori zen haren eskaera nagusia. Eta memoria historikoaren ikur bilakatu zen Josefina Lamberto. Ahanzturaren kontrako borrokalaria, faxismoaren kontrako ekintzailea.
Tamalez, euren senideekin benetan zer gertatu zen jakin gabe eta haiek behar bezala ehorzteko edo agurtzeko aukera gabe desagertzen ari den belaunaldi horren ikur bihurtu da orain. Borrokan eman zuen bizitza, baina bere gogoa bete gabe joan da. Ahizparen gorpua erre egin zutela uste zuen, baina aitaren gorpua topatzearekin egiten zuen amets.
Falangistek hil zituzten Vicente eta Maravillas Lamberto; faxistek hildako beste milaka lagunen kasuan bezala, litekeena da inoiz ez berreskuratzea haien gorpuak. Justizian sinistu gabe hil da Josefina Lamberto, eta gaurkotasun handiko mezu bat utziz, gainera, ahanzturak berriro ere faxismoari ateak irekitzea eragingo zuen beldur baitzen. «Faxismoa hor dago, sor-sor, eta haren kontra borrokatu behar da».
HIZPIDEAK
«Ez ahaztu», eskatu zuen Lambertok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu