jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Euskaraldiak

2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Euskaraldia bat da, eta aldi berean hamaika dira euskaraldiak. Ez 11 egun direlako, baizik eta ahobizi bat, belarriprest bat edo euskaraz zipitzik ere jakin nahi ez duen norbait dagoen lekuan euskaraldi bat dagoelako. Erronka bat, norberarena edo gizartearena. Eta lanak ez dira denak berberak. Hizkuntz ohiturak ere ez direlako.

Ez da gauza bera lehen hitza euskaraz egitea Ondarroan edo Bardozen. Ez da gauza bera euskaldun izatea Goizuetan edo Garesen. Euskara da ardatz, baina ardatz berak ez du balio inguru euskaldunetarako eta erdaldunetarako. Lehenengoetan erronka pertsonalagoa baita, eta bigarrengoetan, sozialagoa, nazionalagoa. Berebiziko garrantzia du horregatik inguru erdaldunetan bizi diren euskaldunak euskararen alde egiten ari diren lana, konpromiso eredugarria inguru euskaldunetan erronka pertsonalagoa dutenentzat. Hala larunbat goiz batean Ablitasen euskararen aldeko saskiak egiten, nola xarnegu eskualdean astearte iluntze hotz batean oinarrizko euskarazko gau eskola batean.

Hori guztia aintzat hartu gabe sekula ez lirateke neurtu behar inguru ez-euskaldun batean euskararen alde egiten den lana eta lortzen den emaitza. Euskaraldia ez delako bakarra. Inguru erdaldunetan kantu-pote bakoitza delako euskaraldi bat, jolas-gau bakoitza delako lorpen bat. Inguru erdaldunetan euskaldunek elkar ezagutu behar dute lehenik. Eta konplizitatea sortzen den bakoitzean euskarak arnasa hartzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.