Euskararen kontrako oldarraldi judiziala ageri-agerikoa da. Ia egunero hizkuntzari bidea ixten dioten erabakiak datoz auzitegietatik, eta, inoiz zalantzarik egon bada, gero eta agerikoagoa da azaroaren 4ko manifestazioaren beharra.
Eusko Jaurlaritza haserre agertu da, eta «kezkagarria» iruditu zaio udal legearen kontrako epaien zaparrada, zalantzan jartzen duelako euskararen ofizialtasuna. Ongi. Bide guztiak izango dira beharrezkoak, bai kalekoak eta baita auzitegietakoak ere. Udal legea egin zuenean, ausart jokatu zuen Jaurlaritzak. Eta, orain, euskararentzat estrategikoa den beste lege bat esku artean duen honetan, ausardia bera izan behar luke. Euskarak lege denak behar baititu. Instituzioak behar ditu, eta instituzio horietan erabiltzeko arauak, baina ez horiek bakarrik. Euskarak euskaldunak behar ditu. Hizkuntza hartu, erabili eta, gainerako hizkuntza guztiekin gertatzen den moduan, hizkuntza hori aldatu, berritu eta «narrastuko» duten hiztunak. Horretarako, neurriko hezkuntza sistema behar du. Han euskaldunduko baitira, euskalduntzekotan, euskararen herriko biztanle asko eta askotarikoak. Horregatik, legea egiten ari denak ardura eta ausardia izan behar ditu, beste garai batzuetan bezala.
HIZPIDEAK
Euskarak lege denak behar ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu