Gauza jakina da ez dagoela pandemiak eragin ez dion ezer. Orokorrean denak egin du gaixotzera, izan COVID-19a harrapatu duelako, edo izan haren albo kalteek gogorrago edo arinago astindu dutelako. Esate baterako, euskarak, arnasguneak ez ezik, dirugune eta indargune garrantzitsuak ere galdu ditu. Iaz ez ziren egin ikastolen aldeko jaiak, eta egunotan lasterka ibili behar zuten herritarrek, herriz herri, lekukoa eskuz esku pasatzen, 2021eko Korrikan. Bestalde, atzo egin zuen oharra Euskara Geroan elkarteak: Ipar Euskal Herriko eskola elebidunak oren parekotasunetik «urrun» dira.
Ezin zen bestela izan, eta pertsonen osasuna lehenetsi da pandemian. Baina ez da hura bakarrik pattaldu. Dena suspertzeko, gogotik egin beharko da lan. Instituzioek ardura eta giltza dute, baina, orain arte bezala, euskarak ezinbesteko aliatu izango ditu bere sustengu nagusi izan dituen herrigintza eta auzolana ere. Aukerak badira: urriaren 3an Beasain, Ordizia eta Lazkao artean egingo dituzte Kilometroak, «egoerara egokituta», eta, bi Herri Urratsen galera berdintze aldera, diru biltze kanpaina abiatu du Seaskak, kolegio berria helburu.
Lehenaz gain jendea are gehiago bakartu duen pandemia honek ez ahal du atzerako eraginik gabeko kalterik ekarriko berezkoak eta beharrezkoak diren egiteko moduetan!
HIZPIDEAK
Euskara pandemian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu