Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Europa bihozgabea

2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Interneteko bilatzailean Lesbos idatzi, eta kontraste izugarria da agertzen diren irudiek ematen dutena. Paradisuzko hondartza eta luxuzko hotelen argazkien ondoan, migratzaileenak, haientzako kanpalekuenak, Egeoa zeharkatzen hildakoen arropa eta salbamendu txalekoenak, eta, behar baino gehiagotan, hilotzenak ere bai. Lesbosera batetik zein bestetik iritsi diren migratzaileen bizipenak antzekoak dira, ez zaio ia inori berria egiten bidean pairatu duten infernuaren kontakizuna; baina, bihozgabea izan behar da kontakizun hori entzun eta ez hunkitzeko, beste alde batera begiratzeko eta bizi duten injustiziaz ez jabetzeko.

Zorionez, haien egoera arintzeko lanean dihardute hamaikatxo GKEk, bai itsasoko erreskatean, baita Europara iritsi ostean konfinatzen dituzten kanpalekuetan ere. Boluntarioen lan itzela gabe, han bizi diren milaka migratzaileren infernua are goriagoa litzateke.

Baina, halako egoera bat arintzearen zama ezin da GKEen bizkar utzi. Egoerak badu erantzule bat, beste alde batera begiratzen duena, hunkitzearen arrastorik erakusten ez duena eta bidegabekeria horri eutsi eta hura sustatzen duena. Europa bihozgabe batek du horren ardura; euren herrialdeetara migratzaileen arazoa irits ez dadin urtero-urtero mugen kontrolean milioika euro xahutzeari oniritzia ematen dieten gobernuek eta agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.