inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Etorkizuna ate joka

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Prezipitazio pautak aldatzen ari dira azken urteotan. Adituek iragarri dute hori dela erasaten ari zaigun klima aldaketaren ezaugarri nagusietako bat: muturrera joko dute prezipitazioek, desagertzera, edota, azaltzen direnean, jasa handitan lehertzera.

Halaxe gertatu zen atzo Nafarroako ipar-mendebaldean eta Gipuzkoa ekialdean. Maiatz batean azken 43 urteotan jasotako litro kopururik handiena bota zuen Beran (101,5 litro metro koadroko). Aranon 217 litro pilatu ziren, inoiz leku horretan jasotako ur kantitaterik handiena. Are eta litro gehiago bota zituen arro bereko Añarbeko urtegian, 240 litro baino gehiago.

Bitxia da, zeren lehorte luze baten testuinguruan ari dira gertatzen azken bi asteotan uholdeak eta euri jasa gogorrak. Nola ahaztu, esaterako, joan den astean Senperen jazotakoa. Ezin esango da udaberrian ez- ohikoak izan direla uholdeak Bidasoaren eta Urumearen arroetan. Baina uholdeen maiztasuna eta gogortasuna handitzen ari da, eta hori da IPCCko adituek Euskal Herrirako iragarri duten etorkizuneko ohiko egoera: mediterraneotzen doan eremu gero eta zabalagoa, eta uholdeak eta bestelako muturreko fenomenoak ohiko bihurtuko diren isurialde atlantikoa. Prestatu gabe harrapatzen gaitu aldiro. Baina etorkizuna, berez, ate joka ari zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.