Hizpideak
Estutze gehiago
Artzainek ondo dakite: inoiz ardiren bat hil eta haren odol gozoa probatu duen txakurra hobe da paretik kentzea, artaldeari eutsi nahi bazaio behintzat. Bruselari —sistema kapitalista globalaren irudi gisa— antzekoa gertatzen zaio: ongizate estatu soziala estutzeari ekin ostean, ez da geratuko hura osorik birrindu arte. Orain, bizkarreko txiki bat eman dio Espainiari. Beste urtebete utzi dio defizit publikoa barne produktu gordinaren (BPG) %3ra jaits dezan. Raxoiren gobernuak ez du lan erraza izango, noski. Hasteko, aurtengo jarrita daukan %5,3ko helburua lortzea ia-ia ameskeria delako. Edonola ere, Bruselak argi azaldu dio hasitako murrizketekin jarraitzea dela bidea: erretiratzeko adina atzeratuz, langabezia sariak eskuratzeko baldintzak gogortuz, BEZ zerga igoz eta onartutako lan erreformaren filosofian sakonduz. Horrez gain, banku sistema salbatu eta onbideratu beharko du Espainiak. Finean, beste urtebete eman dio Bruselak herritarren lepoa estutzen jarraitzeko. Gehienei luze egingo zaizkie Raxoiren ostiralak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu