Metropoliko lurraldeak estu lotuta mantendu nahi dituzten mugimendu politikoentzat Frantziako jakobinismoa da imitatu beharreko eredua: identitate nazional bakarra sortzeko muturreko asimilazioa ezartzen diena estatuaren mugen barrenean dauden bertze herriei.
Begi bistakoa da eredu horrek ondorioak utzi dituela hexagonoan harrapatuta gelditu ziren nazioetan, baina bi mende baino gehiago igarota ere, asimilazioak ez du lortu jakobinismoarekiko deserosotasuna desagertzea. Urtebeteko elkarrizketen ondoren, Korsikako autonomiari buruzko negoziazioak azken txanpan sartu dira. Hexagonoaren marrazkitik kanpo dago Korsika, eta azken urteotan Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hori nabarmendu izan du, uharte izateak kasu berezi bihurtzen duela errateko.
Baina kontinentean ere izan dira mugimendu gehiago: Bretainia batzeko galdeketaren aldeko ekinaldia, Alsazia eskualde bilakatzekoa, Ipar Katalunia Okzitanian urtzearen aurkakoa, Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera, Molac legea eta hizkuntza gutxituen aldeko mugimendua... Frantziak asimilazioari pilotu automatikoa paratu zion aspaldi, eta azpian dituen herriak higadura handia jasaten ari badira ere, ezin du eragotzi uniformizazioari arrakalak sortzea.
HIZPIDEAK
Estatu jakobinoaren arrakalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu