HIZPIDEAK
Eskuinaren transformazioa
Nafarroako banderaren aldeko manifestazioan, 2017an, Txistorra Kapitainak desfilatu zuen, gorputza Nafarroako banderan bilduta, txistorra bat eskuetan. Aste honetan Madrilen amnistiaren kontra egin diren protestetan Espainia Kapitainaz jantzita atera da norbait, Amerika Kapitainaren ezkutuari Espainiako banderaren koloreak emanda. Irudi horiek, ezinbestean, gogoa eramaten dute 2021eko urtarrilera, AEBetako Kapitolioa okupatu zuen giza talde haren erdian bufaloz-edo jantzita zihoan gizon harengana. Eta Kapitoliokoak gogoa eramaten du Jair Bolsonaroren jarraitzaileek Brasilgo Kongresua okupatu zuten egunera. Espainian ari da erreproduzitzen jokabide bera: gogokoa ez den gobernu baten zilegitasuna askara botatzeko ahalegin bat ikusten zaio eskuin mutur berri honi, eskuin tradizionalak sekula erabili gabeko metodoak darabiltzana, demokrazia liberalaren beraren eta konstituzioen oinarriak ere kolokan utziz. Espainian, eskuin tradizionala herrestan eraman du korronte horrek, eta PPk denbora darama ubera horretatik askatu ezinik; agenda Voxek markatzen du aspaldian. PPk egunak behar izan ditu «gaitzesteko». Beste sektore batzuek ere puzten dute jokabide hori: noiz ikusi da Renfek eta Adifek greba deialdiak egitea? Politika lokatzaren eremura eramaten ari da eskuin muturra, eta geratu behar luketenek suari su ematen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu