HIZPIDEAK
Eskubide bat
Muturreko eskuinak eta fundamentalismo erlijiosoak bataila bat galdutzat jo dezakete, eta gizarteak eskubide bat onartutzat; Hego Euskal Herrian, bederen. Urtea egin du eutanasiaren legeak hor, eta 30 pertsonak baliatu dute orain arte. Izan dira kritikaren batzuk eta, euren foroetan, legea zalantzan jarri duten medikuren batzuk. Eutanasiaren kontrako osagileren batzuk ezkor agertu dira eutanasiarik egin nahi ez dutenen erregistroari buruz, PPk eta Voxek eraman dute salaketa boz gora eta gotzainen batzuk aritu dira kontra, baina, egia esan, ia oharkabean pasatu dira kritika horiek. Hego Euskal Herrian, hamar lagunetik zazpik baino gehiagok jotzen zuten eutanasia beharrezkotzat, legea onartu aurretik ere, eta normal ezarri da legea, eta normal onartu du gizarteak. Nafarroan izan dira atzerapen batzuk eta mediku objektoreen erregistroarekin kezkak ere baziren, gogoratu besterik ez dago abortuarekin zer gertatu zen: hamarkadak igaro ziren osasun zentro publikoetan abortuak egiten hasi ziren arte. Baina eutanasiarekin ez da halakorik gertatu. Eskariak iritsi dira, eta osasun zerbitzu publikoek bermatu dituzte; behar duen bezala. Arazo gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina legez onartutako eskubide bat bermatzen hasi da, gizartearen gehienak aspaldi eskatzen zuena gainera. Eta hori bera ere bada albiste bat, bere horretan, eskubide aitortuak urratzera ohitua dagoen sistema batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu