Espainiako Fiskaltzak Espainiako poliziak absolbitu ditu. Uztailean, ehunka migratzaile Melillan sartzen saiatu zirenean, poliziak ez ziren jabetu han jendea hiltzen ari zela, eta Marokora arrazoiz itzuli zuten jendea. Gero, Marokoko jurisdikzioan —zeinen hitz baldarra, mugatik haragoko lur puska izendatzeko— hil ziren migratzaile horiengatik ezin zuten egin ezer. Kito. Jendea hil liteke norbere jurisdikziotik kanpo. Ez da arazo bat.
Espainiako Fiskalak ez du errudunik ikusten, eta Espainiako ministroek haizea hartuko dute. Azkenean, norbaitek esango du migratzaileak eurak izan zirela hilketen errudunak, muga pasatzen ahalegintzeagatik. Justizia justizia balitz, ikertuko lituzke atzeko arrazoiak, zergatik saiatu ziren muga horrela gurutzatzen, zergatik nahi zuten Europan sartu horren modu desesperatuan, zergatik utzi zuten etxea, zergatik ixten zaien bidea. Eta aterako ziren beste hitz batzuk, jurisdikzioa ez direnak: kolonialismoa, baliabideen ustiaketa, miseria, arrazakeria... Halako zenbait. Primerako mundua sortu duen sistema horrek berak eragin duelako terzerako mundua; eta migrazioaren sortzailea primerako mundua bera delako azken buruan.
Parisen hiru kurdu tiroz hil ostean, atzo, Marine Le Penek esan zuen: «Tragedia izugarri hau pairatu dutenen senideak ditugu gogoan». Tragediak berez gertatzen dira; ez dute errudunik. Eta errudunik ez badago, egon lasai: ez dago ezer aldatu beharrik.
HIZPIDEAK
Errudunik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu