Hizpideak
Erresuma Banatua
Erresuma Batuari agur esan diezaioke Eskoziak 2014an, eta Irlanda iparraldeak ere bai, 2016an. Independentziari buruzko erreferenduma egiteko bide orria marraztu du Alex Salmondek, eta SNP alderdia aspalditik ari da lanean horri begira. Eskoziaren naziotasuna inork ez du auzitan jartzen, eta galdeketa egiteko epea eta edukia dira eztabaida sortzen dutenak. Irlanda iparraldean, berriz, hiru-lau urte barru izango dira hauteskundeak, eta horren ondoren erreferenduma egiteko eragozpenik ez du ikusten Martin McGuinness errepublikanoak. «Erresuma Batua deitzen den horri» lotuta jarraitu edo Irlanda batuaren parte izan nahi duten izango litzateke argitu beharrekoa. Sinn Feinek DUP alderdi unionista nagusia «limurtzeko» aukera ikusten du McGuinnessek, eta, Stormontek erreferenduma babestuko balu, Londresek zail izango luke galaraztea. Bi auzi horien aurrean, Euskal Herriak bizi duen aro berriaz akordatu ordez, Espainiako Atzerri ministroaren «Gibraltar español» ateraldiak erakutsi du Raxoiren gobernuaren neurria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu