Huts egin du, gutxigatik, Turkiako oposizio politikoak Recep Tayyip Erdogan presidentea agintetik kentzeko egindako saioak. Azken 20 urteotan boterean izan dena—11 lehen ministro karguan, eta bederatzi lehendakari moduan— oso hurbil geratu da erabateko garaipenetik, botoen %49,5 lortu baitzituen igandean egindako hauteskundeetan.
Oposizioko hautagai Kemal Kiliçdarogluk, Erdoganen kritikoak bateratzeko lan handia eginda, botoen %45 lortu zituen. Itxaropen handia zegoen oraingo honetan lortuko zutela, arazo asko pilatuta iritsi zelako Erdogan hauteskundeetara, eta Kiliçdarogluk sektore askoren babesa lortua zuelako. Inork %50 lortu ez duenez gero, bigarren itzulia egingo dute bi aste barru Turkian, lehen itzuliaren dema errepikatuta.
Bi itzuli dauzkaten hauteskundeetan gertatzen den legez, boto kopurua nondik haz litekeen kalkulatzeko ordua da. Badirudi Erdoganek igandean %5ekin hirugarren geratu zen Sinan Oganen boto emaile gehienak bilduko dituela bigarren itzulian. Eta oposizioburu Kiliçdaroglu nondik haziko da? Tarte txikia dauka hazteko, Erdogan etxera bidali nahi zutenen botoa jaso zuelako herenegun. Hauteskundeok iruzur hutsa izango zirela eta berriz ere Erdoganek aise irabaziko zuela uste zutenak bozkalekuetara eramatea da Kiliçdarogluk bi asteotan egin beharreko lan zaila.
HIZPIDEAK
Erdogan, leon-kastillo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu