jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Erabaki transgenikoak

2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak hamar labore transgeniko berri onartu ditu, hamar urterako, gizakiak eta animaliak elikatzeko; beste zazpi labore inportatzeko baimena luzatu du; eta genetikoki eraldatutako bi lore ere onartu ditu. Inportatzea eta merkaturatzea baimendu du; ez, ordea, landatzea. Transgenikoei abizena jarriz gero, ohiko susmagarriak ageri dira: Monsanto, BASF, Bayer, Pioneer (DuPont) eta Dow Chemical. Deigarria da: Europako Batzordeak urtebete baino gehiago pasatu du transgeniko berriak onartu gabe, baina bat-batean hamar onartu ditu, transgenikoak onartzeko prozedura aldatzeko proposamena egin eta bi egunera. Proposamen horren arabera, Europako Batzordeak gizakiak edo animaliak elikatzeko transgeniko bat onartzen baldin badu, teorian, herrialdeek produktu hori erabiltzea galaraz dezakete. Teorian, ez baita hain erraza izango praktikan, Europako Batzordeak asko baldintzatu nahi baititu debekatzeko aukerak: esaterako, ezingo dute argudiatu gizakientzat, animalientzat eta ingurumenarentzat arriskutsuak direla, suposatzen baita Europako Batasunak transgenikoak onartzeko arrisku horiek neurtu dituela eta ez duela ikusi arriskurik. 31 eskutik, beraz.

Eta ez da ahaztu behar noiz hartu duen erabakia: TTIP Europako Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza liberalizatzeko akordioaren negoziazio garaian. AEBen eskaera historikoa da Europak AEBetako transgenikoei ateak irekitzea.

Horiek bai negoziazio, akordio eta erabaki transgenikoak, poltsiko batzuk elikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.