inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Epaile bat bakarrik balitz

2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Estrasburgoko auzitegiak arrazoia eman die Bateraguneko auzipetuei, eta deliberatu du ez zutela «epaiketa bidezko» bat eduki. Auzitegiak ebatzi du Angela Murillo epailea ez zela inpartziala eta, horren ondorioz, epaiketa ere ez zela hala izan.

Eta horri kateatuta geratu zaizkio Espainiako hedabideak, ilargia seinalatu beharrean hara seinalatzen duen hatzari begira geratzen dena bezala. Zeren eta gaitz erdi Espainiako Justiziaren arazo bakarra epaile baten kontua balitz... Ez baita ahaztu behar Otegik, Jacintok, Rodriguezek, Diezek eta Zabaletak behin baino gehiagotan jarri zutela helegitea Murilloren eta aretoko beste epaileen erabakiaren kontra. Bada, ez Gorenak eta ez Konstituzionalak ez zuten galarazi zigortuek espetxe zigor luzeak betetzea, ezta azken egunera arte betetzea ere.

PSOEren gobernuaren estrategiaren parte izan zen Bateragune auzia. Helburua zen ezker abertzalea zatitu eta ETAren amaiera azkartu nahi zuten buruzagi independentisten bidea trabatzea. Polizia operazioaren eta Baltasar Garzon epailearen instrukzioaren ostean, epaiketak, errekusazio eskariak eta helegiteak heldu ziren gero. Orain, berriz, Estrasburgoko Auzitegiaren hamaikagarren zaplaztekoa Espainiaren sinesgarritasunari. Ez da epaile aho zabal baten kontua bakarrik, demokrazia baten oinarrizko printzipioak bermatu nahi ez dituen estatu batena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.