«Elkartasuna ez da delitu», zioen afixa baten atzean egin zuten elkarretaratzea joan den udan, Urruñan, eta gauza bera atzo Hendaian. Europarako bidean doazen migratzaileei laguntzeagatik atxilotutakoek ez baitute deliturik egiten, horixe dute aldarri. Normalki, atxilotu eta ordu gutxira askatzen dituzte, eta gehienetan ohartarazpen batekin aske gelditzen dira, epaile aurretik igaro ostean. Ohartarazpena, berriro ere gauza bera egin ez dezaten.
Atzo eta herenegun Etorkinak Diakite elkarteko hiru kide atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Badakite atxilotuek ez dutela diru truke egiten lan hori, baita Frantziako araubideak salbuespen gisa hartzen duela ere migratzaileen laguntzarako antolatutako sareen eginkizuna. «Edozein laguntza ekartzea ez da zigortuko, helburua humanitarioa baldin bada», argudiatu zuen Francisco Sanchez Baionako abokatuak, akusazio beragatik atxiloturiko emakume baten kontrako auzi saioan.
Hala ere, tantaka-tantaka egiten dituzte atxiloketak, tantaka iristen dira ohartarazpen gehiago. Atzokoan, gainera, goizaldera joan ziren haiek atxilotzera; hamabi polizia, 50 eta 60 urte arteko bi kide atxilotzeko. Bertan atxiki zituten, etxea miatu bitartean. Elkartasuna ez da delitu izango, baina laguntzen dutenak delitugile gisa dira tratatuak, ezbairik gabe.
HIZPIDEAK
Elkartasuna delitu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu