Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa jarduera leku izanik, bide eredugarria egin du ELB sindikatuak azken lau hamarkadetan. Laborari eta ekoizle txikiei duintasuna eta alternatibak eman dizkie, erakutsiz Europan indarrean den nekazaritza industrial intentsiboak bertako nekazaritza suntsitu baino ez duela egiten.
Gertuko ekoizpenean eta lurraren zein ekologiaren aldeko borrokan engaiatua, mobilizazio ildoa martxan eduki du ELBk beti. Baina ez da mugatu protesta egitera. Alternatibak eraiki litezkeela erakutsi du, eta horren adibiderik esanguratsuenetakoa da Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortzeko egin zuen lan eskerga.
Nekazari euskaldunen erreferente, Euskal Herriko arazo politiko eta ekonomiko nagusietan presente izan da ELB, alternatibak eta zubiak eraikiz. Gaur egun ere, horretan jarraitzen du. Euskal Elkargoan laborantza arloko agente guztiak batuko lituzkeen egitura bat sortzea jarri dio bere buruari helburu gisa. Arazoak ez baitira gutxi. Etxaldeek husten jarraitzen dute, eta ekoizle txikien ereduak arazo latzak ditu nekazari gazteak erakartzeko. Klima larrialdiak eta horrek dakarren elikadura krisiak inoiz baino beharrezkoago egiten dute gogoeta sakon bat egitea elikadura burujabetzaren inguruan. ELBren esperientzia eta gidaritza ezinbestekoak izango dira zeregin horretan.
HIZPIDEAK
ELBren esperientzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu