Trapagarango Itxaropena ikastolak ekainaren 3an ospatuko du Ibilaldia. Berez, maiatzaren 27an egitekoa zen Bizkaiko ikastolen aldeko jaia. Baina, itxura batean, maiatzaren 25ean Athleticek Bartzelonari Kopako finala irabaziko dion itxaropena ere badute Trapagarango ikastolakoek. Horregatik erabaki dute Ibilaldia astebete atzeratzea, «Bizkaian maiatzean suertatu daitezkeen ekitaldi garrantzitsu guztiek bere espazioa izan dezaten».
Izan ere, atzo Manchester Uniteden kontra bizi izandako giroa huskeria izan liteke Athleticek, ia 30 urteren buruan, berriro Kopa irabazten badu. Eta, hala gertatuz gero, zalantza gutxi gabarra hurrengo igandean, maiatzaren 27an, aterako dutena. Beraz, eta Ibilaldiko kantaren izena Maiatzean meatzean izanagatik, ekainean ospatuko dute.
Kluba sortu zen garai beretsukoak dira Muskizko meatzeetan Ingalaterrara esportatzeko burdina ateratzen zuten garaiak, klarionazko All Iron zigilua gerora Athleticen garaipenak ospatzeko Aliron! bihurtu zuteneko urteak. Zer ospatua izango ahal da maiatzean!
Hizpideak
Ekainean meatzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu