Pello Urzelai.
Hizpideak

Diplomaziaren eremu ilunak

2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Siriako egoera hondamendia da giza eskubideen ikuspuntutik. Marra gorri guztiak gurutzatu dira Ekialde Hurbileko herrialde horretan. Nazio Batuen Erakundeak agindutako txostenean baieztatu egin dute giza eskubideen urratze masiboak egin izana. NBEren txostena ez da ustekabea izan, jakina zen, modu batez edo bestez zabaldutako albisteen bidez. Hala ere, azken hilabeteotako erradiografia beldurtzekoa da: Al-Assaden gobernuaren indar militarrek eta erregimenaren aldeko Xabiha miliziak gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egin dituzte, eta talde matxinoek, gerra krimenak, hilketak, judizializatu gabeko exekuzioak eta torturak.

Nazioarteko komunitateak ez zuen eragotzi Al-Assaden erregimenaren garapena, eta ez du azken hilabeteetako sarraskia geldiarazi. Interes ezkutuak —geopolitikoak, militarrak eta ekonomikoak — nagusitu dira, matxinadak piztu baino lehen eta ondoren ere. Besteak beste, interes ilun horiek eraman dute porrot egitera Kofi Annan buru izan duen NBEren misio diplomatikoa. Mandatari berriak, Lakhadar Brahimik, askoz zailago izango du.

Munduko estatu boteretsuen jokabide eta interes ilunak eta, batez ere, diplomaziaren azpijoko eta hipokrisiaren berri jakiteko lagundu du Wikileaks webguneak, batez ereAEBen enbaxaden kable sekretuen filtrazioaren bidez. Izan ere, sekretu ilun horiek argitara ateratzeagatik jazartzen ari zaizkio Julian Assange Wikileaksen fundatzaileari. Erresuma Batuak Suediara estraditatzeko eskaera onartu du. Baina Ekuadorrek asilo diplomatikoa eskaini dio Assangeri. Ikusteko dago diplomaziaren alde ilunaren erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.