Hainbat eta hainbat emakumek ez dute informaziorik izan Sanofi Frantziako multinazionalaren Depakine botikak umekietan sor ditzakeen kalteez; umeak izan dituzte, eta urteetan ez dute jakin seme-alaben malformazio edo autismoak botikak eragindakoak direla. Berrogei urte daramatza botikak merkatuan, eta EMA Botiken Europako Agentziak lehen ohartarazpena duela lau urte eskas egin zuen; bigarrena, berriz, joan den martxoan. Botikaz zehaztasun gehiago eman behar direla esan du, eta gaixoari informazioa eman behar zaiola botika hartu aurretik. Osakidetzan, duela hilabete gutxi hasi ziren botika hartu eta haurdun geratzeko adinean daudenei informatzen. Iparraldean, berriz, auziak bide luzexeagoa egin du, Frantzian piztu baitzen eskandalua, 2011n, kaltetuen antolaketari eta protestei esker, baina oro har oraindik ez dago jakiterik botikaren larria norainokoa den.
Deigarria da EMAren azken oharra; izan ere, Sanofiri eskatu dio iker dezala seme-alabengan ez ezik bilobengan eta birbilobengan ere utz dezakeen arrastoa, eragina hainbat belaunalditara hel daitekeela konturatu baitira. Nola eska diezaioke enpresari, etekin ekonomikoa helburu duenari, produktuaren kalteak ikertzeko? Erakundeek ez al dute erantzukizunik? Osasun publikoan errezetatu dute eta. Premiazkoa da neurriak hartzea, orain arte jakin dena ez baita icebergaren muturra besterik.
HIZPIDEAK
Depakine
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu