Zaintza enpatia da, pazientzia, goxotasuna, zaindua ulertzea, haren beharretara egokitzea. Horregatik da zaintzailea emakumea, ama, emaztea; berezkoak omen ditu-eta enpatia, pazientzia, goxotasuna, ulermena eta menpekotasuna. Gizonek ez dute zaintzen, ez omen dakite, ez daude prestatuta horretarako. Denon ongizatea bermatuko duten erabakiak hartzeko jaioak dira, makroak babesteko, ez mikroak.
Baieztapen horiek astakeriak dira hizkuntza politikoki zuzenean, baina eguneroko jardueran errotuta daude oraindik. Bestela nola uler daiteke zaintza izatea gure gizarteko arazorik larrienetakoa eta erantzun bat emateko premiarik ez sentitzea?
Zaintzak ez duelako burtsan kotizatzen, ez delako lana, edo, kasurik onenean, ez delako lan inportantea, baina zaintza lanekin negozioa egiten dute enpresek, pribatizazioaren eta merkantilizazioaren bidetik, eta, menpekoen menpekoen esplotazioa eraginez. Eta horrela doa mundua. Gaizki, baina badoa zaintzaileei esker, ezin baikara bizi zaintzarik gabe, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte.
Horregatik, ezinbestekoa izango da gizonen gogoeta eta parte hartzea azaroaren 30eko greba orokorrean eta hari begirako prozesuan, zaintza eredu komunitario eta publiko bat eraikitzeko.
HIZPIDEAK
Denon bizitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu