HIZPIDEAK

Bolsonaro, harpa jotzen

jon ordonez garmendia
@jonordoez
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Erromak su hartu zuenean, K.o. 64 urtean, Iliupersis poema errezitatzen jardun zen Neron hiria kiskaltzen zen bitartean, zenbaiten arabera. Gaur egun badaude zantzuak baieztapen hori kolokan jartzeko, baina egunotan Brasilen zer gertatzen ari den eta Jair Bolsonarok nola jokatzen duen ikusita, erraza da presidentea enperadore moduan soineko zuria jantzita irudikatzea, harpa jotzen, Amazonia nola erretzen den ikusten duen bitartean.

Horixe egiten ari baita Brasilgo presidentea munduko ingurune natural handienetako bat kiskaltzen den bitartean: harpa jo. Amazoniarrei, ekintzaile ekologistei, beganoei, brasildarrei eta bere ustiapen politika zanpatzailea salatzen duen edonori, baita beste herrialde batzuetako agintariak badira ere. Munduaren birika deitzen dutenak ia hiru aste daramatza sutan, baina Bolsonarok behin eta berriz gutxietsi du arazoa, besteei iseka eginez, gainera: esan du Amazonia desagertuta legokeela salatutako deforestazioa egia balitz, ingurumenak beganoei soilik inporta diela eta, berriki, GKEak ari direla suak pizten.

Sua pizteko modu asko daude. GKEen arabera, latifundistak eta enpresariak daude suteen atzean. Piromanoa, baina, Bolsonaro da, baliabide naturalen bere ustiapen politikarekin eta ingurumenaren kontra doazen neurriekin, Amazonia nola erretzen den ikusten duen bitartean, harpa jotzen duen Neron hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.