Urte askoan lanean etenik gabe jardun diren feministen prestasunari esker, inoiz protestetan parte hartu ez zuten emakume gazteak batu ziren iaz martxoaren 8ko grebara, baita feminismoarekin lehen kontaktua izan zuten heldu eta zaharrak ere. Adituen arabera, urteotako susperraldiak laugarren olatu feminista ekar lezake, eta ohartarazi dute indar geldiezin horren aurrean neoliberalismoa legitimatzen jarraitzeko ahalegina badagoela, diskurtso feminista bere eginez, hura hustuz eta distortsionatuz.
Baina ez da erraza agerikoa ezkutatzea. Bizi nahi ez ditugun bizitzak ditugulako; gure bizitza zapalduak ordena naturalaren parte direla sinetsarazi nahi digutelako, genero ideologia asmatzen dutelako, dimentsio heteropatriarkala eta arrazista giltzarritzat hartuta; sistema kapitalista iraunarazteko beharrezkoa dutelako emakumeok doan zaintzea, eta sistema eraitsi nahi dugulako, han ez dagoelako guretzako lekurik.
Bizitza erdigunean jarriz mundua gelditu nahi dugulako aterako gara ostiralean grebara, mundua aldatzeko eraldaketa sozial sakon bat posible dela esatera: enplegu duina eskatzera, zaintzarako zerbitzu publikoak eta indarkeria matxistaren kontrako neurri eraginkorrak exigitzera. Gure bizitzaren jabe izateko eskubidea dugula aldarrikatzera.
HIZPIDEAK
Bizitza erdigunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu