Bigarren saioan ere porrot egin du Espainiako Gobernuak. Merkatuak haren zorrari ematen ari zaizkion astindua ikusita, berriro eskatu du Madrilek Europako funtsek zuzenean ematea mailegua bere bankuei. Hori nahi zuen aurretik ere, ohartu zenean ezingo zituela bankuak bere diruarekin kapitalizatu. Baina ezezkoa jaso zuen Europan, eta erreskatearen dirua estatuaren bidez ematea irentsarazi zioten orduan, eta irentsaraziko diote orain.
Bruselaren babesa jaso du Raxoik Mexikon; azken finean, eskaerak baduelako bere logika: mailegu horien bitartekari izateak Espainiaren zorra hamar puntuz igoko du, eta haren kaudimenari buruzko zalantzak handitu ditu, garbi ikusten diren ondorioekin.
Baina dirua jaso behar duenaren logika horri dirua jarri behar duenaren logikak erantzuten dio: Espainiarekin gero eta gutxiago fio badira, nola fidatuko dira, bada, haren bankuekin? Nola fidatuko dira maileguak kontrolik eta neurririk gabe eman, zuloak ezkutatu eta beren buruzagien poltsikoak bete eta bete aritu diren bankuekin?
Hizpideak
Bigarrenean ere, huts
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu