Hizpideak
Baldin eta...
Krisiari eta haren aurka hartutako neurri gogorrei «herrialde baten gisa» erantzuteko eskatu zuen atzo Laura Mintegi EH Bilduko hautagaiak, horrekin zer esan nahi duen askorik argitu gabe. Espainiako Gobernuaren inposizioei «euskal autogobernuarekin» erantzun nahi diola dio Iñigo Urkullu EAJkoak, baina ez du zehaztu nola egin nahi dion aurre Madrili. Patxi Lopezek ere «Euskadi ereduari» buruzko adierazpen ponpoxoak egiten jarraitzen du, eta autogobernuaren bandera ere bereganatu nahi du. Despistaturen batek esan lezake Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta hura ordezkatzeko bi hautagai nagusiak ez daudela elkarrengandik hain urrun, eta ados jartzeko moduan daudela, bakoitzak bere aldetik ezer gutxi egin baitezake. Hauteskundeak gertu izateak, ordea, hitzak hitz bihurtzen ditu. Galdetu, bestela, Mariano Raxoiri. Baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren epaia jaso ondoren hirurek mezu berari eusten baldin badiote, aitzakia gutxi geratuko zaie hitzetatik ekintzetara ez pasatzeko. Baldin handiegia agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu