Armak garraiatu zituzten. Armagabetzea ezin baita egin armarik gabe. ETAk armagabetu egin nahi zuen, baina inork ez zizkion arma horiek hartu nahi. Hara non, bost lagunek, imajinazio pixka batekin, armagabetze hori bideratu zuten. Haien atxiloketen berri zabaltzearekin batera jakin zen zerbaitetan ari zirela. 2016ko abenduaren 16a zen. Luhusoko Errekartea baserrian atxilotu zituzten, ETAren armategiaren %15 indargabetzera zihoazela. Fruituak eman zituen saio hark; gizarte zibileko eragile asko inplikatu ziren armagabetzean, eta Frantziako autoritateen inplikazioa ere etorri zen. Egun ofizial bat du ETAren armagabetzeak: 2017ko apirilaren 8a. Baina, dena ez zen egun hartan egin. Jean Noel Etxeberri Txetx-ek ez du egindakoa estali nahi. Argi dio: armagabetzea erabatekoa izan zedin, Luhusokoaren ostean, Frantziako autoritateekin harremanetan hiru aldiz garraiatu zituen armak.
ETArekin lotuta, armak edukitzea eta garraiatzea leporatuta Luhuson zirenetako bi epaitzeko eskatu dio Terrorismoaren kontrako Frantziako Fiskalak instrukzio epaileari, orain. Armak eduki eta garraiatu zituzten, bai. ETArekin lotuta? Bai. Eta ezinbesteko urratsa izan zen bakerako. Beraz, zertara dator fiskaltzaren eskaera? Espainiako eskuinak libre utzi nahi ez duen epailetza dakar gogora. Eta ez dator bat bake garaiekin.
HIZPIDEAK
Bakearekin lotuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu