Hizpideak

Bakea irabazi

Jon Eskisabel.
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Barne ministroaren jantzia erantzi eta Espainiako presidentegaiarena jarri orduko, Bildurekiko eta euskal independentismoarekiko diskurtsoa egokitu egin du Alfredo Perez Rubalcabak. Borroka polizialaren irmotasunean oinarritutako mezuari jite politiko eta zuhurtasun handiagoko jarrerak gain hartu dio. PSOEren hautagaiak, lehen aldiz, hautestontzietan kokatu du independentismoaren aurkako «bataila». Jakin baitaki, maiatzaren 22ko emaitzen ostean, borroka zelai berria eremu politikoan errotuta dagoela, eta lehia horretan gerta daitekeenarekiko kezka aitortu du. Oso argi azaldu zuen duela hilabete El País egunkariari emandako elkarrizketa batean. «Betidanik jakin dut terrorismoaren amaierak nazionalismoaren berrosatzea eta independentismoaren berpiztea ekarriko zuela. Gerra irabazten ibili ondoren, ezin dugu onartu haiek irabaztea bakea. Bataila eman behar dugu».

Espainian azaroan egingo diren hauteskundeetan jarri du Rubalcabak euskal herritarrek independentziari buruz pentsatzen dutena ezagutzeko momentua. Maltzurki ari da, jakina baita PP eta PSOEren arteko bipolarizazioari esker bi alderdiok emaitza hobeak izaten dituztela boza autonomikoetan baino. Hala ere, independentismoak ere ulertu du «bakea irabazteko» unea dela, eta ez dio indarrak biltzeko edozein aukerari uko egin nahi; alde horretatik, gaur bertan Espainiako hauteskundeei begirako proposamena aurkeztuko dute EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak.

Rubalcabaren hitzetatik ere ondoriozta daiteke Bildu legez kanpo uzteko aukera baztertzen duela, PPren presioak azken unera arte iraungo duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.