Hizpideak

Babes neurri gehiago

Deisy Mendozaren senide eta lagunak, negarrez. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Eskisabel.
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Deisy Mendozaren hilketak indarkeria jasan duten eta berriz jasateko mehatxupean dauden emakumeak babesteko neurrien egokitasunari buruzko eztabaida piztu du berriz ere. Hildako bakoitzarekin —aurtengo laugarren kasua da— azaleratzen den auzia da, ezbehar horiek saihestu zitezkeelako edo gehiago egin zitekeelako iritzia izaten baita gehien zabaldua ia beti. Bilbon astelehenean gertatutakoa ere iragarritako beste hilketa bat izan zela diote hildakoaren senideek, eta jakin diren datuek hala baieztatzen dute.

Mendozak senar ohiaren aurkako salaketa bat jarria zuen haren erasoak zirela medio, eta epaileak urruntzeko agindua ezarria zion erasotzaileari, baina behin baino gehiagotan ikusi zuten emakumearen etxearen inguruetan, heriotza mehatxuak eginez. Ertzaintzak ukatu egin du kasuotarako ezarritako protokoloak huts egin izana —sakelako telefono bat eman zion Mendozari, larrialdietan deitu zezan—, eta akatsik egotekotan emakumeak egin zuela adierazi du, ez zuelako telefonoa erabili, ezta gizonaren jazarpena salatu ere.

Hain zuzen, genero indarkeriaren aurkako taldeak ez datoz bat gaur egun babes neurriak indarrean jartzeko emakumeari biktima jarrera aktiboa hartzea eskatzen dion ikuspegiarekin, eta horretan datza gaur egungo protokoloarekin duten desadostasun nagusietako bat. Mehatxupean dagoen emakumearen ardura eta eginkizuna arinduko duten babes neurrien beharra aldarrikatzen dute.

Ezinbestekoa da auziari lehenbailehen heltzea; neurri osoagoak eta eraginkorragoak hartzea hil edo bizikoa gerta daiteke ehunka emakumerentzat. Berandu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.