Azaroak 30. Datozen hilabeteetan asko entzungo dugu data horren inguruan. Asko baitago hitz egiteko, asko lantzeko, asko pentsatzeko, asko egiteko, asko eztabaidatzeko, jende asko borrokara batzeko... Greba feminista orokorrerako deia egingo zuela iragarria zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta atzo jakinarazi zuten data: azaroak 30.
2018ko martxoaren 8an egin zen Euskal Herrian lehen greba feminista, arrakasta handiz egin ere. Baina, ordutik bide bat egin da, eta bizitzak eta zaintza erdigunean jartzearen inguruan artikulatu dira mugimendu eta diskurtsoak. Izan ere, zaintza erdigunean jartzeak guztiari eragiten dio: eragiten dio gizon eta emakumeen arteko berdintasunari, sistema heteropatriarkalari, eragiten dio soldata arrakalari, komunitatearenak behar luketen lanen merkantilizazio eta pribatizazioari, eragiten dio sistema kapitalistari... «Zaintza sistema aldatzea dena aldatzea baita», arrazoitu du Mugimendu Feministak, data zehazteko plazaratu duen mezuan. Badu data, beraz: azaroak 30.
Eta dena aldatze horren onurak ez direnez soilik emakumeentzat izango, gizonak ere bat egitera deituko dituela iragarri du Mugimendu Feministak, bat egite hori nolakoa izango den eta zein rol beteko duten eztabaidagai izango den arren. Gizonak, beraz, egon daitezela prest protagonista izango ez diren borroka batera batzeko, eta borobildu dezatela data agendetan: azaroak 30.
HIZPIDEAK
Azaroak 30
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu