Hizpideak
Auzitegia auzitan
Iñigo Urkullu EAJren EBBko lehendakari bigarrenez aukeratu berri dute. Joan den igandean egindako hitzalditik pasarte interesgarrienetako bat da Madrilen atsekabez hartu dutena. Salbuespeneko legeriaren amaiera eskatu duena. «Espetxe politika mendekuzale baten amaiera. Laguntza politikorako justizia baten amaiera. Zigorrak berriro interpretatzen dituzten doktrinenak. Auzitegi Nazionalaren amaiera. Euskaditik 'kanpoko gorputzen' presentziaren amaiera». Sistema hori deseginez joan beharra dago, benetako bakearen bidea sendotu nahi bada. Madrilgo Genova kalean du egoitza Auzitegi Nazionalak, eta haren makineria geldiarazi egin behar da, besteak beste, salbuespenaren logikan oinarritzen delako eta horren aitzakian gehiegikeriak pilatu direlako. Horren frogarik argiena izartzat hartu zuten epailea bera da. Haren kontrako akusazioek sistema osoarentzat balio dute. Beraz, esan liteke Garzon epailea ez ezik, Auzitegi Nazionala bera ere badagoela akusatuen aulkian. Bada garaia euskal herritarrak haren itzalpetik aske bizi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu