gurutze izagirre intxauspe
Hizpideak

Auzi politikotik at

2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarria euskal presoaren osasun egoeraren larritasuna baieztatu egin da. Daukan minbizia txarra da. Ez du atzera bueltarik. Gainera, Ertzaintzak ospitalean eman dion tratua salatzeko eta aska dezatela eskatzeko, gose grebari ekin zion duela bederatzi egun. Zortzi kilo galdu ditu. Duen gaixotasunak are gehiago larriagotzen du haren osasun egoera.

Uribetxebarria eta gaixo larri dauden gainerako hamahiru presoak askatzea auzi politikotik kanpo egon beharko lukeen gaia da. Giza eskubide kontua da. Ez besterik. Gaixo larri daudenak pertsonak dira, eta haien atzean senide eta lagunak daude. Eta, legearen arabera, ez dute hilzorian egon behar espetxetik ateratzeko. Gizatasuna garesti dagoela dirudi krisiaz baino hitz egiten ez den abagune honetan.

Elkartasun uholdea handitzen ari da, ordea. Uribetxebarriarekin bat eginda, hainbat lagunek gose greba hasi zuten Donostiako Ospitalearen aurrean bertan. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide gehienek ere bat egin dute protestekin, eta gehienak gose greban daude Uribetxebarria aska dezatela eskatzeko. Alderdi politiko eta eragile gehienek ere bat egin dute eskaerarekin. Eta beste hamaika ekitaldiren artean, etzi eguerdian manifestazioa egingo dute, Bilbon.

Ordurako Uribetxebarria etxean egotea izango litzateke gizalegezkoena. Ezin jakin, ordea, Espainiako Gobernuak zer egingo duen. Giza eskubideak betetzeari dagokionez, orain artekoak erakutsi du euskal gizartearen mobilizatzeko gaitasunak ekarri dituela emaitzak. Bide beretik segitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.