mikel p ansa
HIZPIDEAK

Aukerak

2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ez da egoera berria, eta finkatzeko bidean doa: Nafarroako Parlamentuan, PSNrik gabeko gehiengo progresista bat posible da, 2015ean ere izan zen bezala. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hemeretzi diputatu batzen dituzte; eta UPNk eta PPk, hemezortzi. Duela zortzi urte, PSN zeharo ahulduta eta Ahal Dugu indartuta, 26 ziren. Orain, alde bat da nabarmena: PSNk berreskuratu egin ditu Ahal Dugu-k galdu dituenak. Baina, hala ere, nahiko balute, ez lukete PSNren beharrik. Politika-fikzioa da, bistan da: halako gobernu koalizio bat sortzeko baldintzak ez dira existitzen gaur-gaurkoz. Eta hala ere, galdera egiteak badu zentzua, hipotetikoki bada ere: zer egingo luke PSNk halako egoera batean? UPNri emango lioke botoa, EH Bilduko hautagai bat Nafarroako lehendakari ez izateko? Bozketa blokeatuko luke? Politika-fikzioa da, bai, baina PSN jabetzen ote da beste alderdi batzuek EH Bilduri betoa kenduz gero PSN bera gera litekeela pintzen artean harrapatuta?

Iruñeko alkatetza eskuratzeko aukera handirik ez du EH Bilduk, baina PSNk ez dauka ziurtatua Nafarroako Gobernua, eta Geroa Bairekin zein Zurekin Nafarroarekin azken egunetan erabili dituen formak ez dira egokienak izan. Duela lau urte egoera beste bat zen, eta erraztasun gehiago izan zituzten sozialistek, eskuina kanporatzea zelako lehentasuna. Orain gauza gehiago daude jokoan, aurreko lau urteetako gobernuko esperientziak badu bere zama, eta harrokeriak uzteko esaten ari zaizkio PSNri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.