Bi urte bete dira Eusko Legebiltzarrean EAEko Hezkuntza Lege berria bueltaka dabilela. Egungo markoa gainditu eta inoiz ez bezalako akordio batez onartuko zen lege bat iragarri zuten, historikoa. Legebiltzarraren %90en babesa zuen ituna sinatu zuten iazko apirilean EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta akordioaren oinarriak finkatu zituzten. Ordutik abiatutako prozesuan, ehun eragile inguru pasatu dira batzordetik, legeak zer izan behar duen hausnartzera, ekarpenak egitera, kezkak azaltzera... Desadostasuna agertu izan dute hainbat eragilek, bai sare publikoaren eta pribatu edo kontzertatuaren arteko dikotomiaren inguruan, bai eskola segregazioari dagokionez, eta baita hizkuntzari dagokionez ere. «Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema bat» aipatzen zuen lau alderdiek 2022an onartutako akordioak; baina horren interpretazioa aldatu egiten zen alderdi batek edo beste batek aipatzen zuenean.
Bada, euskarari dagokionez behintzat ezer gutxi aldatuko dela dirudi. Egungo hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzea bermatzen, eta hori gainditzeko aukera zirudien lege berriak; baina ereduei eustea adostu zuten atzo PSE-EEk eta EAJk. Ikusi beharko da atzoko zuzenketekin zer gertatzen den, baina argi dago PSEk galga jarri nahi izan diola hizkuntza ereduak gainditzeari, eta EAJk onartu egin du galga hori.
HIZPIDEAK
Aukera galdu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu