Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Atzerapausoa haur eskoletan

2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Datorren ikasturterako aurrematrikulazioa hastearekin bat, euskara polemikarekin eta zalapartarekin lotzeko urrats bat egin du Iruñeko Udalak: iragarri du haur eskoletan murriztu egingo duela euskarazko eskaintza. Ondorio larriak ekarriko ditu: euskaraz ikasteko eskubidea areago mugatuko diete Iruñeko umeei, eta euskara liskar politikoaren erdian jarriko dute berriro ere. Atzerapausoa da.

Epai bat erabili dute argudio gisa. Aurreko gobernuak bi eskolatako eredua aldatu zuenean —euskarazkoak izatea erabaki zuen—, auzitara jo zuten sendi batzuek, zentroa aldatu behar zutelako. Epaileek ebatzi zuten udalak ez zuela aldaketa egoki egin, eta aukera hori baliatu dute euskarazko eskaintza txikitzeko.

Sententzia aitzakia gisa erabiltzeaz harago, udalak ez du argudio irmorik euskarazko eskaintza murrizteko: leku gehienak bete ziren matrikulazioan (%86), eta gabe geratu ziren %26. Egoera hori larriagoa izango da orain: haur eskoletako lekuen %10 izango dira euskarazkoak —errealitate soziolinguistikotik urrun: Iruñeko gazteen %25 baino gehiago dira euskaldunak—, eta denak hiriaren iparraldean egongo dira —gurasoen hautua baldintzatzen du horrek, eskola aukeratzeko ohiko irizpidea baita etxetik edo lantokitik gertu egotea—.

Udalak esan du «normaltasunera» itzuliko direla. «Normaltasuna»: euskara zokoratu, eta liskarraren erdian jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.