Garbi dago homofobiak arazoak sortzen dituela. Joera sexualen aberastasunaren aurka daudenen ezinikusiak eta gorrotoak erasoak elikatzen ditu, eta, gainera, askotan, lekukoek beste alde batera begiratzen dute, erasotzaileen inpunitatea elikatuz. Lantokietan geratzen diren eraso homofoboen aurkako protokolo bat osatu eta enpresetara eraman nahi du LABek. Ea aurrera egiten duen, eta ea aurrera egin ondoren zer bide duen, teoria ederragoa izaten baita errealitate gordina baino.
Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako egunaren bezperan, EAEko Arartekoak ohartarazi du adingabe lesbiana, homosexual, bisexual eta transexualek pairatzen duten bazterketaz. Joera sexualen aniztasunarekiko ustez ulerkorren behar luketen belaunaldi berrietan sustrai sakonak dauzka ezinikusi homofoboak, eta egora horrek sufrimendu handia eragiten du dozenaka gazterengan.
Eta panorama horren aurrean Espainiako Osasun ministro Alfonso Alonsori ez zaio besterik okurritu gobernuaren familia planean LGTB sendiak «arazotsuen» eta «behar bereziak» dituztenen zakuan sartzea baino. Hizkera horrek gogoratzen du diktadorearen Alfer eta Gaizkileen Lege penagarri hura. Eta, egia da, badute arazo bat LGTB kolektiboko kideek: lehenez gain, halako gobernu bat jasan behar izatea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
HIZPIDEAK
«Arazotsuen»arazoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu