martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Arabiarren uda(ez)berria

2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Etsipena sortzeko moduko ondorioa eduki du 2011ko urtarrilean Tunisian ernatu zen herri mugimendu eraldatzaileak, Udaberri Arabiarra izenarekin Tunisian sortu eta inguruko herrialdeetan azkar asko zabaldu zenak. Haien herrialdeetan gutxieneko bizitza kalitate eskuraezinaz atsekabetuta, urteak joan eta urteak etorri irtenbide bakarra Europara jauzi egitea zela barneratuta, «aski da» garrasi ozena hedatu zen herrialde arabiar askotan, milioika gaztek oihukatuta.

Iraultza izatera deituta zegoen mugimendua piztu zuen txinparta Mohamed Bouazizi tunisiar gazte saltzailearen suizidioa izan zen. Sidi Bouzid hiriko Poliziak saltzaileari zeukan guztia kendu zion, eta amorruz bere buruaz beste egin zuen saltzaileak. Ondorioz milioika herritar atera ziren kalera protesta egitera Tunisian lehendabizi, eta Libian, Aljerian, Egipton, Sirian, Yemenen... ondoren. Agintari historiko batzuek dimisioa eman behar izan zuten.

Egiturazko aldaketa egiteko unea iritsia zela sinetsita kaleak hartu zituzten herritarrek ikusi dute, urteen poderioz, egindako ahalegina ia hutsean geratu dela. Agintariak aldatu zirela, baina ez haiek zapalduta edukitzeko erregimenak. Horren lekuko, atzo erreboltaren herrialdean, Tunisian, presidenteari erabateko boterea emango dion konstituzio berriaz egin zuten erreferenduma: herritarren %27k hartu zuten parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.