mikel p ansa
HIZPIDEAK

Anaidiaren barreak

2023ko ekainaren 1a
00:00
Entzun

Irudia: hamar gizon, emakumerik ez, kameren eta kazetarien aurrean irribarretsu, errugbi profesionala bultzatzeko instalazio berriak inauguratzen. Aviron Bayonnais taldeak instalazio berriak prestatzen baitihardu. Kirol taldeko ordezkariak eta hautetsi publikoak, tartean Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Jean Jacques Laserre Pirinio Atlantikoetako kontseiluko presidentea. Sartu dira gizon horiek guztiak instalazioetara, miatu dituzte gelak, eta heldu dira jokalarien aldagelara. Laserrek, ikusirik jokalarien oinetakoak zintzilik horman eta distiratsu: «Oso garbiak daude. Nire emazteari oinetakoak nola garbitu erakutsi beharko liokete».

Kargu publiko batek, kazetarien aurrean. Herenegun.

Baina itxoin, ez da bukatu eta. Kazetari batek galdetu bide zuen, ea zergatik ez zegoen emakumerik inaugurazio ekitaldi horretan. Philippe Tayeb ABko lehendakariaren ihardespena: «Proiektu honek AB Etxea du izena [euskaraz, originala]. Etxea, euskaraz etxea da. Eta, beti erran didatenez, Euskal Herrian emakumeak sukaldean gelditzen dira». Nekez aurki daiteke anaidia kontzeptuaren azalpen gordinagorik. Gizon kuadrilla bat, andreez barre egiten, prentsaren aurrean.

Emakumeek erabiliko dituzte ABren instalazio berri horiek. Ez kozinatzeko, zorionez; baloiari eta matxismoari ostiko emateko baizik, ASBren emakumeen errugbi talde profesionala bertan arituko baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.