Hamar urtean baino gehiagoan, Rodolfo Aresek garrantzi berezia izan du PSE-EE alderdian. Eusko Legebiltzarreko taldeko bozeramailea izan da (2000-2005), eta PSOEren Batzorde Federaleko kide ere bai, Herrizaingo sailburua izan aurretik. Kargu bat edo beste bat izan, alderdiaren lemazain politikoa izan da, baita Eusko Jaurlaritzan izan den bitartean ere. Alderdiaren estrategia nagusia Rodolfo Aresen begiradapean diseinatu da azken urteotan. Jaurlaritzara iritsi aurretik Anoetako prozesuan izandako pisua gogoratzea. 2006ko uztailean, ezker abertzaleak eta PSE-EEk lehen bilera ofiziala egin zutenean, alderdi sozialistako idazkari nagusiaren ondoan Rodolfo Ares izan zen, Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitiaren solaskide. Halaber, Loiolako elkarrizketetan PSE-EEren solaskide izan zen, Jesus Egigurenekin batera. PSOE alderdiarekin eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroarekiko lotura ziurtatzen zuen solaskidea.
2009ko hauteskundeen ondoren Herrizaingo Saila bere gain hartu bazuen ere, alderdi barruko pisua ez da gutxitu. Horren froga da orain gobernua utzi izana hauteskunde kanpainaren zuzendaritza hartzeko. Mugimendu prebentibo bat izan daiteke, alderdiaren gidaritza kontrolatzeko, hauteskundeen ondorengo egoerari begira besteak beste, lehendakaritza galduta Patxi Lopezek beste arduraren bat har lezakeelako. Baina ez da izango lehen bezala, Herrizaingo sailburutzan emandako denbora zama bat izango baita Aresentzat garai berrietan politika egiteko orduan. Itzalen artean, bat nabarmenduko da haren curriculumean: Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzuleak aurkitu gabe utzi izana Herrizaingo Saila.
Hizpideak
Alderdiaren lemazaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu